Doloresko Garrasia

Doloresko Garrasia, 1810eko irailaren 16an.
Gertaerak gogorarazteko egungo plaka.

Doloresko Garrasia (gaztelaniaz: Grito de Dolores) sinbolikoki Mexikoko Independentzia Gerrari hasiera eman zion ekintza izan zen. Tradizioaren arabera Miguel Hidalgo y Costilla apaizak, Ignacio Allende eta Juan Aldamarekin batera, 1810eko irailaren 16an, haren eliztarrei Espainia Berriko Erregeorderriaren aurka armekin altxatzeko deiadarra egin zien. Horretarako Dolores (Guanajuato) herriko elizaren kanpaia jo zuen. Horrela, Hidalgok Mexikoko Independentzia Gerraren lehenbiziko saioa gidatu zuen. Bere mezua Mexikon leku batzuetan ezaguna egin zen eta independentziaren aldeko hauspoa bihurtu zen. Urtero Garrasi hori Mexiko osoan gogoratzen eta ospatzen da, bertako abertzaleentzat garrantzi handiko ospakizuna izanik.

Aurrekariak

Tradizioaren arabera, 1810eko irailaren 15tik igande 16ko gauean espainiarrek Querétaroko konspirazioa ezagutu zuten. Buruzagi asko atxilotuak izan ziren baina Ignacio Pérezek ihes egin zuen eta Juan Aldamarekin elkartu zen. Doloresera joan ziren. Hidalgori eta Allenderi gertatutakoa azaldu zioten. Hidalgo eta beste buruzagien erantzuna altxamenduari ekitea izan zen.

Garrasia

Ez dago dokumentu zehatzik edo testigu zuzenaren testigantza gertatutakoa azaltzeko. Gainera, independentziaren lehenengo une horien narrazioa kondairarekin nahastu egin da. Garbi dagoena zera da: 1810eko irailaren 16an Miguel Hidalgok Dolores herriko eta inguruko biztanleei biltzeko deia zabaldu zuela. Herritarrak, zerbait larria gertatzen zela eta, bertaratu ziren eta orduan Hidalgok espainiarren aurkako hitzaldi sutsua egin zien, armak hartzeko eskaera eginez. Horrela independentisten lehenengo taldea antolatu zen. Hitzaldiaren amaieran garrasia bota zuen. Historikoki ez dakigu zer esan zuen eta, ondorioz, teoria desberdinak zabaldu dira:

  • Manuel Abad y Queiporen arabera (1810): "¡Viva nuestra madre santísima de Guadalupe!, ¡viva Fernando VII y muera el mal gobierno!"[1]
  • Diego de Bringas (1810): "¡Viva la América!, ¡viva Fernando VII!, ¡viva la religión y mueran los gachupines!".[2]
  • Anonimoa (1810), Ernesto Lemoine Villicañak jasota: "Viva la religión católica!, ¡viva Fernando VII!, ¡viva la patria y reine por siempre en este continente americano nuestra sagrada patrona la santísima Virgen de Guadalupe!, ¡muera el mal gobierno!"[3]
  • Juan Aldama (1811): " ¡Viva América!, ¡viva la religión y muera el mal gobierno!".[4]
  • Servando Teresa de Mier (1813): "¡Viva Fernando VII y la Virgen de Guadalupe!"[5]
  • Lucas Alamán (1840): "¡Viva la religión!, ¡viva nuestra madre santísima de Guadalupe!, ¡viva Fernando VII!, ¡viva la América y muera el mal gobierno!" Eta herriak erantzun omen zuen: "¡Viva la Virgen de Guadalupe y mueran los gachupines!".[6]
Garrasiaren ekitaldia 2013an, Enrique Peña Nietorekin.

Nahiz eta Mexikoko festa nagusia izan, zeremoniak ez du protokolo ofizialik. Hori bai, urtero hondaniaz ospatu egiten da. Urtero, irailaren 15eko gaueko 11etan, gobernuko ordezkariak, enbaxadoreak eta politikariak banderarekin biltzen dira. Ondoren, Presidenteak herriari hitzaldi sutsua egiten dio. Hitzaldi horretan badira beti errepikatzen diren esaldiak. Esaterako:

¡Mexicanos!
¡Vivan los héroes que nos dieron patria y libertad!
¡Viva Hidalgo!
¡Viva Morelos!
¡Viva Josefa Ortiz de Domínguez!
¡Viva Allende!
¡Vivan Aldama y Matamoros!
¡Viva la independencia nacional!
¡Viva México! ¡Viva México! ¡Viva México!

Euskaraz:

Mexikarrok!
Gora aberria eta askatasuna eman zizkiguten heroiak!
Gora Hidalgo!
Gora Josefa Ortiz de Domínguez!
Gora Allende!
Gora Aldama eta Matamoros!
Gora herri independentzia!
Gora Mexiko! Gora Mexiko! Gora Mexiko!

Formula hauek presidente bakoitzak sartzen dituenekin nahasten dira. Ondoren, hizlariak kanpaia jotzen du eta bandera astintzen du. Partehartzaile guzitek, orduna, Nazio Ereserkia abesten dute. Ekintza bukatu ondoren, su-artifizialez eta musikaz ospatzen da gau. Hurrengo egunean militar-desfilea egiten da.

  1. ↑ Herrejón Peredo, Carlos (2009). «Versiones del grito de Dolores y algo más». Rafael Vargas, 20/10. Memoria de las revoluciones en México. Mexiko: RGM Medios.38-53 or. ISBN 978-607-7748-04-5.
  2. ↑ ibidem
  3. ↑ ibidem, 41 or.
  4. ↑ Rodríguez O., Jaime E. (2008). La independencia de la América española. Mexiko: Fondo de Cultura Económica, El Colegio de México. ISBN 978-968-16-7556-1.
  5. ↑ Herrejón, 42 or.
  6. ↑ Herrejón, 2009, 47 or.

Copyright